lunes, 20 de diciembre de 2010

Euskara MM&D hedabideetan eta testuinguru soziolinguistikoa

Euskal Herriko IV. Inkesta soziolinguistikoa eta Euskararen aholku batzordeak egindako “Euskara hedabideetan” plana aztertu ondoren esango nuke gazteak direla euskararen etorkizun argia. EAEan elebidunen hazkundea 50 urtetik beherako adin- talde guztietan gertatu da eta Nafarroan 35 urtetik beherakoen artean. Iparraldean ematen da ezberdintasun bakarra, izan ere, 65 urtetik gorakoen artean baitago elebidunen ehuneko handiena.

Datu hauei erreparatuz ikusten da gazteen inguruan erronka handia dutela Euskal MM&D hedabideek. Euskara hizkuntza arrotza ez izatea bilatu behar da; baita bigarren mailako hizkuntza ez izatea ere. Oraindik joera orokorra baita gaztelerazko hedabideetara jotzea, osatuagoak direlakoan. Euskarazko produktu propioen bidez zabaldu behar da hizkuntza, produktu erakargarriak sortuz, gazteek beste hizkuntzetako medioetara jo beharrik ez izateko. Konponbide erraza duten baliabideen adibide garbia da Aupatu plataforma. Bertan, edonork igo ditzake albiste bat, baina maiz, argibideak erdaraz ematen dira, euskal bertsioa blokeatu egiten delako eta horrek, euskara baztertzera bultzatzen zaitu.

Gaur egun euskarri ugari daude eskura hedabide digitalak euskalduntzeko prozesua ahalbidetzeko. Ez dugu ahaztu behar, gainera, lotura estua dagoela hedabide digitalen eta sare sozialen artean. Beharbada, gazteentzat hain erakargarriak diren sare sozialak euskalduntzetik hasiko bagina, asko aurreratu genezake. Horretarako nahikoa litzateke eta euskal hedabideek hauekiko lotura tresnak izatea. Horrez gain, hizkera “gazteago” baten erabilera interesgarria litzateke, edota, hedabideetan, gazteei zuzendutako espazio gehiago egotea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario